Udarregi


Udarregiren omenezko eskulturaren aurrean zaude. Eskultura hau 1829an Aiako Uztaetaburu baserrian jaio eta bere bizitza Usurbilen pasa zuen Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariari eskainitako lana da. Bertsoak sortzen zekien arren, alfabetatu gabeko euskalduna zen. Horrek ez zion garaiko euskal kulturgintzaren partaide izatea eragotzi. Sortzen zituen bertsoak gogoratzeko teknika bat asmatu zuen, berak bakarrik ulertzen zituen marren bidez osatutako kodigoa baliatuz. Eskultura honetan Artikulaaundiko baserriko paretean gordetako bere iskribuetako bat jasota dago.

2-udarregi_ona
Udarregiren omenezko eskultura

Eskultura hau 1966ko maiatzean Usurbilen antolatu zen bertsolari honen omenezko jaialdian jarri zen. Euskal eskultura garaikidearen eskolako ordezkari nagusietakoa den Remigio Mendiburuk eginiko artelana da. Artista honen obran materialik erabiliena egurra izan arren, harriak eta metalak ere tokia dutela erakusten du.

Udarregiren omenezko jaialdia egin zen urtean, Euskal Herria Frankismoaren menpe eta euskal kultura guztiz zapalduta zeuden. Hau horrela, kultur ekitaldiak antolatzeko eragozpenak izugarriak ziren. Udarregiri omenaldia aitzakia izan zen euskal jarduera desberdinak bateratu zituen jaialdi bat antolatzeko. Horrelako jaialdi bat antolatzen zen lehen aldia izan zen eta Frankismoaren bihotzean euskal kulturarentzat arnasgune bihurtu zen.

Jaialdi eguna
Jaialdi eguneko argazkia

Udarregiren omenaldian euskal artista eta sortzaile ugari bildu ziren, tartean eskulturaren egile zen Remigio Mendiburu bera eta euskal kultura osoa berritzeko ahaleginean ezinbestekoa izan zen Quosque Tandem obraren egile zen Jorge Oteiza. Banakako lanetik haratago talde-lanaren garrantziaz jakitun, bi artista hauek Gaur taldeko partaide izan ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>