Mikel Laboa plaza


Mikel Laboa plazan zaude. Garai batean txirrista handi batek betetzen zuen maila desberdinez osatutako plaza hau. Bere urbanizazioa eta txirrista Jose Luis Zumetak diseinatu zituen eta 1975. urte inguruan gauzatu ziren. 2009ko maiatzaren 31tik aurrera, Usurbilgo udalaren ekimenez, kantari euskaldun ezagunaren izena darama plaza honek.

Plaka oroigarria eta “Ikimilikiliklik” eskultura
Plaka oroigarria eta “Ikimilikiliklik” eskultura

Plazaren albo batean, herriak Mikel Laboari eskainitako plaka dago. Gitarra forma duen burdinezko plaka artistikoa Jose Luis Elexpe "Pelex" margolari eta eskultore usurbildarrak eginikoa da eta 2009ko omenaldian kokatu zen bertan. Plaza berean dago Juan Jose Arangurenen obra den Mikel Laboaren omenezko eskultura ere, "Ikimilikiliklik" eskultura hain zuzen.

Zumetaren muralaren eta Mikel Laboaren omenezko plazaren arteko elkarrizketak euskal artearen eta euskal kantagintzaren arteko erlazioara garamatza. Euskal kulturaren berpizkundearen hamarkada izan zen 60koa eta musikagintza ezin zen eztanda horretatik kanpo gelditu. Usurbil pizgarria izan zuen kultur susperraldiak euskal kulturaren barruko atal oso desberdinak jorratzen zituzten sortzaile desberdinen arteko elkarlana bultzatu zuen. Horren adibide dira Gaur taldeko kide zen Remigio Mendiburuk Ez Dok Amairu taldearen logoa sortu izana eta Gaur taldeko sustatzaile izan zen Jorge Oteizak kantari eta musikari hauen talde mugimenduari izena jarri izana.

Ez Dok Amairu 1965eko udazkenean sortu zen eta lehengo euskal-musika oiñarri hartuaz, euskal-musika berria landu zuen. Urte emankorrak eta sormen handikoak izan ziren. Ez Dok Amairun ibilitako askoren bakarkako ibilbidea oso oparoa izan zela ere ukaezina da: Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa…

Mikel Laboak lotura estua du Usurbilekin. Alde batetik, Mikel Laboaren diska gehienen azala Jose Luis Zumetaren obra da. Bestalde, Mikel Laboaren eta Joxan Artze idazle eta musikari usurbildarraren arteko elkarlana benetan oparoa izan zen. Artze Ez Dok Amairu taldearen sortzaile eta ideologoetako bat izateaz gain, taldearekin “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna osatu zuen eta, taldeak jarduera eten bezain laster, "Ikimilikiliklik" ikuskizunean murgildu zen bertako beste kide batzuk lagun zituela, tartean, bere anaia Jesus, Mikel Laboa eta Jose Mari Zabala. Artzek poesia irauli zuen, oholtza gainera eraman eta abangoardiako sorkuntza osagaiekin uztartuz. Joxan Artze Mikel Laboaren kantutegiko abesti gogoangarrienetako batzuen (Txoria txori, Ama hil zaigu, Zaude lasai eta Geure bazterrak) hitzen sortzailea izan da baita ere.

Mikel Laboa Joxan Artzeren hitzak dituen “Gure Bazterrak” abesten 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>