Monthly Archives: abuztua 2016


Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda eta inon baino hobe islatzen da 60. hamarkadako kultur eztandaren ondorena.

Harria Hitz ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.


Sagardoaren monumentuaren aurrean zaude. Gotzon Huegun eskultore lasartearraren obra da honako hau. 2007an plazatxo honetan jarritako eskultura honek sagardoarekin lotura duten hiru elementu lotzen ditu: sagarra, botila eta edalontzia.

Sagardoari monumentua
Sagardoari monumentua

Sagardoak berebiziko garrantzia izan du Buruntzaldean, baina baita Gipuzkoa osoan ere. Sagar zukuarekin eginiko edari honek sustrai sakonak ditu euskal kultura eta euskal gizartean eta Euskal Herriak duen itsas historia garrantzitsuari lotua dago. Usurbil Oria ibaiaren erriberan kokatzen den herria da eta Oria ibaia euskal ontziola gune garrantzitsua izan da historian zehar. Bertatik atera dira euskaldunak itsasoan potentzia ginen garaiko ontzietariko asko. Euskaldunok itsas historia oparoa dugu, baina agian ez zen hain oparoa izango sagardoa izan ez bagenu. Izan ere, euskal tripulazioetan edari nagusia sagardoa izateak eskorbutoa ekiditeko balio izan zuenaren hipotesia garatu da azken urteetan.

Hipotesiak hipotesi, ukatu ezin dena Gipuzkoan sagardo produkzioak izan zuen garrantzia da. Udarregi bertsolariak bertso honetan ederki islatu zuen sagardoaren eta usurbildarren arteko erlazioa:

Asiera eman du
Pello Errotariyak
Errespuesta orain
Juan Joxe Udarregiyak.
Batek ainbat deretxo
Daukagu guk biyak;
Gure kolejiyuak
Sagardotegiyak

Egun, Usurbilen bizi-bizirik jarraitzen du sagardoak, sagar zaporez bustiz euskal kulturgintza.

Askatasuna plaza Carlos Zabala "Arrastalu" artistak eginiko zeramikazko irudiez apaindua agertzen da. Usurbilgo ohiturak eta egunerokotasuna islatzen duten irudiak dira, baita bertako pertsonaiak ere. Bolatokiaren inguruan txalapartari bikote bat ikus dezakegu, Jesus eta Joxan Artze txalapartari usurbildar ezagunak hain zuzen.

Askatasuna plazako txalapartarien irudia
Askatasuna plazako txalapartarien irudia

Jesus eta Joxan Artzek txalaparta ahanzturatik berreskuratu eta, ohiko ttakunetik atereaz, modernitatean murgildu zuten. Euskal kultura tradizionaleko elementu bat hartu eta euskal kultura garaikidearen elementu bilakatu zuten, folklore hutsetik aldenduz.


Artze anaiak txalaparta jotzen

Txalaparta perkusiozko euskal musika tresna tradizionala da. Bi euskarriren gainean jarritako egurrezko ohol horizontalek osatzen dute eta lau makilez jotzen da bikotean. Frogatuta ez dagoen arren, milaka urte dituen tresna dela esaten da. Noiztik ez dakigu baina, antzinatik datorkigun euskal perkusio tresna hau Usurbilen bizi bizirik mantendu da. Izan ere, txalaparta, tradizionalki sagardoaren eta baserriaren munduari lotuta egon dela uste da. Herri askotan, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zela esaten da inguruko jendeari jakinarazteko. Txalaparta, egungo euskal musikan, Artze anaiei esker bizirik dagoela esan daitekeen moduan, sagardoa eta sagardotegiak, hein batean, Usurbili esker ere biziraun dute.


Usurbilen ikus daitekeen beste mural baten aurrean zaude. Egun guztiz mutilatuta eta desitxuratuta dagoen pintura hau Alejandro Tapia margolari Usurbildarraren lana da. Tapia Ur taldeko sortzaile eta partaidetako bat izan zen. Talde hau Gaur taldea baino urtebete lehenago sortu zuten Javier Arocena, Carlos Bizcarrondo, José Gracenea y Alejandro Tapia pintore gipuzkoarrek, Frankismoak jazarritako sorkuntzari bide emateko.

Sari eta errekonozimendu ugari jasotako artistaren ibilbidean Herri Batasunaren mural hau salbuespena da. Muralak kale artearen parte eta gizarte pentsamolde eta mugimendu ezberdinen jardueren adierazgarri biziak izan ohi dira. Kasu honetan, Tapiak eginiko horma-pintura hau, euskal gizarteak eta Usurbilek 1985ean bizi zuen egoeraren adierazgarri da. 1985ean Herri Batasunak abiatutako "Euskal Herria alaitsu eta borrokan kementsu" kanpainaren harira egindakoa artelana da eta aro eta borroka politiko baten adierazgarri izateagatik egin zen ezaguna, bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Ez hori bakarrik, murala pintatu zen momentutik 2009ra arte euskal gizartean gertaturikoaren adibide garbi bezala agertzen da.

jatorrizko muralaren irudia
jatorrizko muralaren irudia

2009an, Eusko Jaurlaritzan gobernu aldaketa gertatu eta Patxi Lopezen agintaldiaren testuinguruan, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuaren agindupean artelana ezabatu zuten. Usurbilgo ondarearen eta euskaldun guztion ondarearen parte zen horma-irudia mutilatu zuten, artelan bat ikusi ordez, oztopo moral eta politikoak ikusteagatik.


Mikel Laboa plazan zaude. Garai batean txirrista handi batek betetzen zuen maila desberdinez osatutako plaza hau. Bere urbanizazioa eta txirrista Jose Luis Zumetak diseinatu zituen eta 1975. urte inguruan gauzatu ziren. 2009ko maiatzaren 31tik aurrera, Usurbilgo udalaren ekimenez, kantari euskaldun ezagunaren izena darama plaza honek.

Plaka oroigarria eta “Ikimilikiliklik” eskultura
Plaka oroigarria eta “Ikimilikiliklik” eskultura

Plazaren albo batean, herriak Mikel Laboari eskainitako plaka dago. Gitarra forma duen burdinezko plaka artistikoa Jose Luis Elexpe "Pelex" margolari eta eskultore usurbildarrak eginikoa da eta 2009ko omenaldian kokatu zen bertan. Plaza berean dago Juan Jose Arangurenen obra den Mikel Laboaren omenezko eskultura ere, "Ikimilikiliklik" eskultura hain zuzen.

Zumetaren muralaren eta Mikel Laboaren omenezko plazaren arteko elkarrizketak euskal artearen eta euskal kantagintzaren arteko erlazioara garamatza. Euskal kulturaren berpizkundearen hamarkada izan zen 60koa eta musikagintza ezin zen eztanda horretatik kanpo gelditu. Usurbil pizgarria izan zuen kultur susperraldiak euskal kulturaren barruko atal oso desberdinak jorratzen zituzten sortzaile desberdinen arteko elkarlana bultzatu zuen. Horren adibide dira Gaur taldeko kide zen Remigio Mendiburuk Ez Dok Amairu taldearen logoa sortu izana eta Gaur taldeko sustatzaile izan zen Jorge Oteizak kantari eta musikari hauen talde mugimenduari izena jarri izana.

Ez Dok Amairu 1965eko udazkenean sortu zen eta lehengo euskal-musika oiñarri hartuaz, euskal-musika berria landu zuen. Urte emankorrak eta sormen handikoak izan ziren. Ez Dok Amairun ibilitako askoren bakarkako ibilbidea oso oparoa izan zela ere ukaezina da: Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa…

Mikel Laboak lotura estua du Usurbilekin. Alde batetik, Mikel Laboaren diska gehienen azala Jose Luis Zumetaren obra da. Bestalde, Mikel Laboaren eta Joxan Artze idazle eta musikari usurbildarraren arteko elkarlana benetan oparoa izan zen. Artze Ez Dok Amairu taldearen sortzaile eta ideologoetako bat izateaz gain, taldearekin “Baga, Biga, Higa” ikuskizuna osatu zuen eta, taldeak jarduera eten bezain laster, "Ikimilikiliklik" ikuskizunean murgildu zen bertako beste kide batzuk lagun zituela, tartean, bere anaia Jesus, Mikel Laboa eta Jose Mari Zabala. Artzek poesia irauli zuen, oholtza gainera eraman eta abangoardiako sorkuntza osagaiekin uztartuz. Joxan Artze Mikel Laboaren kantutegiko abesti gogoangarrienetako batzuen (Txoria txori, Ama hil zaigu, Zaude lasai eta Geure bazterrak) hitzen sortzailea izan da baita ere.

Mikel Laboa Joxan Artzeren hitzak dituen “Gure Bazterrak” abesten 


Usurbilgo pilotalekuaren atzealdea apaintzen duen mural handi hau Jose Luis Zumeta artista usurbildarraren obra da. 16 metroko zabalera eta 9 metroko altuera duen zeramikazko horma-irudi abstraktua da aurrean duzuna. Zumetak bere ibilbide artistikoan eginiko zeramikazko bi muraletatik geratzen den bakarra da. Udalak artistari eginiko eskaera izan zen eta 1973. urteaz geroztik dago bertan.

Zumetaren murala
Zumetaren murala

Jose Luis Zumetak Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Jose Antonio Sistiagarekin batera. Talde hau, nazioarteko abangoardiarekin harremana eta elkarrizketa berreskuratzeko asmoz sortu zen frankismo garaian. Oraina Gerra Zibilaren ondorioz bortizki etendako sorkuntzarekin lotzeko nahia zuten. Helburu nagusiak, berriz, euskal artea bazegoela erakustea eta arte hori bultzatzeko beharra jakinaraztea. Gizartearen alfabetizazio artistikoa bilatzen zuten; gizarteak kontzientzia hartzea, kultura bere egitea eta hau suspertzea. Taldearen ibilbidea laburra izan zen, baina XX. menderako Gipuzkoako eta Euskal Herriko arte sorkuntzaren erreferente bilakatu da. Taldea osatu zuten zenbait artistek Euskal Herriko muga gainditu eta mundu mailako ospea eta aitorpena lortu zuten.

Gaur taldea
Gaur taldea

Bai Udarregiren omenezko jaialdia bai Gaur taldearen sorrera, diktadurak euskal kulturari ezarritako baldintza gogorren aurreko erantzun bezala ikus daitezke.


Udarregiren omenezko eskulturaren aurrean zaude. Eskultura hau 1829an Aiako Uztaetaburu baserrian jaio eta bere bizitza Usurbilen pasa zuen Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariari eskainitako lana da. Bertsoak sortzen zekien arren, alfabetatu gabeko euskalduna zen. Horrek ez zion garaiko euskal kulturgintzaren partaide izatea eragotzi. Sortzen zituen bertsoak gogoratzeko teknika bat asmatu zuen, berak bakarrik ulertzen zituen marren bidez osatutako kodigoa baliatuz. Eskultura honetan Artikulaaundiko baserriko paretean gordetako bere iskribuetako bat jasota dago.

2-udarregi_ona
Udarregiren omenezko eskultura

Eskultura hau 1966ko maiatzean Usurbilen antolatu zen bertsolari honen omenezko jaialdian jarri zen. Euskal eskultura garaikidearen eskolako ordezkari nagusietakoa den Remigio Mendiburuk eginiko artelana da. Artista honen obran materialik erabiliena egurra izan arren, harriak eta metalak ere tokia dutela erakusten du.

Udarregiren omenezko jaialdia egin zen urtean, Euskal Herria Frankismoaren menpe eta euskal kultura guztiz zapalduta zeuden. Hau horrela, kultur ekitaldiak antolatzeko eragozpenak izugarriak ziren. Udarregiri omenaldia aitzakia izan zen euskal jarduera desberdinak bateratu zituen jaialdi bat antolatzeko. Horrelako jaialdi bat antolatzen zen lehen aldia izan zen eta Frankismoaren bihotzean euskal kulturarentzat arnasgune bihurtu zen.

Jaialdi eguna
Jaialdi eguneko argazkia

Udarregiren omenaldian euskal artista eta sortzaile ugari bildu ziren, tartean eskulturaren egile zen Remigio Mendiburu bera eta euskal kultura osoa berritzeko ahaleginean ezinbestekoa izan zen Quosque Tandem obraren egile zen Jorge Oteiza. Banakako lanetik haratago talde-lanaren garrantziaz jakitun, bi artista hauek Gaur taldeko partaide izan ziren.

Dema Plaza egungo herrigunearen bizkarrezurra da. Elizak, pilotalekuak eta harriz eta egurrez eginiko herriguneko eraikuntza historiko ederrek definitzen dute. Plazak komunitatea biltzeko guneak izan ohi dira eta Usurbilgo Dema Plazak funtzio hori betetzen du herrian. Baina ez da ohiko plaza bat, demarako diseinatutako plaza baizik.

Dema plazetan idi-probak eta gizon-probak egiten dira, euskal kulturan tradizio handiko ikuskizunak. Proba edo apostu hauek, denbora jakin batean harria soinean eramanez ahalik eta luze gehien egitea dute helburu. 38 metro luzerekin Gipuzkoako Dema Plazarik luzeenetakoa denaren albo batean arrastaka eramaten diren demarriak daude ikusgarri. Diseinu geometriko ederrak dituen errekarriz osatutako lurraren gainean harri pisutsua arrastaka joaten da idi, gizon edo emakumeen indarrez.

gizon-proba Usurbilen
gizon-proba Usurbilen

Gizon-probak ederki irudikatzen du eskaldunok barneratua dugun sentimendu bat. Sarritan esan eta entzun ohi da zama handia daramagula gure bizkarrean: iraganaren zama, herriarekiko konpromezuaren zama, hizkuntzarekiko arduraren zama, kultura zaindu eta biziberritzeko erantzunkizunaren zama...

1966an, plaza honetan bertan, euskal kulturarekin eta euskal sentimenduarekin estuki lotutako ekimena antolatu zen: Juan Jose Alkain “Udarregi” bertsolariari eskainitako omenaldia. Orduan ezarri zen Udarregiren omenezko eskultura.